viernes, 24 de abril de 2015

#hemeroteka #lesbianismoa | “Oso garrantzitsua da emakume lesbianek beren izaera sexuala ikusaraztea gizarte-zerbitzuak erabiltzerakoan”

Imagen: Emakunde
“Oso garrantzitsua da emakume lesbianek beren izaera sexuala ikusaraztea gizarte-zerbitzuak erabiltzerakoan”
Karolina Almagia | Emakunde, 2015-04-24
http://emakunde.blog.euskadi.net/eu/2015/04/oso-garrantzitsua-da-emakume-lesbianek-beren-izaera-sexuala-ikusaraztea-gizarte-zerbitzuak-erabiltzerakoan/

Inmaculada Mujika, Elena Olaortua, Josune Ortiz eta Amparo Villar dira lan honen egileak: "Lesbianak, legez eta bidez. Begiratu bat: EAEko gizarte baliabideei dagokienez, emakume lesbianek dituzten aukerak eta erabilerak”. Lan hori 2013ko Emakunde bekari esker egin da; beka horren helburua emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren arloko ikerlanak sustatzea da, hain zuzen ere.

Lau egileek 20 urte baino gehiago daramate lesbianen, gayen, transexualen eta bisexualen eremuan lan egiten eta euskal gizarteari laguntza-, sozializazio-, hezkuntza- eta sentsibilizazio-baliabideak ematen. Izan ere, sektorea ondo ezagutzen zutelako planteatu zuten sakonago aztertzea kolektibo horrek zer nolako diskriminazioa pairatzen duen gizartean, eta, zehatzago, diskriminazio horrek zer nolako eragina izan dezakeen edozein motatako baliabideak eskuratu eta baliatzerakoan.

Azterlanean —zeina Emakundek argitaratu baitu—, emakume lesbianen egoera aztertzen da hainbat eremutan (juridikoan, ekonomikoan, hezkuntzan, lanean eta eremu soziokulturalean), emakumeek zuzenean emandako testigantzak jasotzen dira, eta emakume horiek diskriminatuak sentitzen diren lekuak eta egoerak identifikatzen. Beste gai batzuen artean ikusgarritasuna eta segurtasuna aztertzeaz gainera, gomendio batzuk ematen zaizkie erakundeei, lanean atzemandako oztopoak nola gainditu azaltzeko.

Zergatik erabaki zenuten azterlan hau egitea?

I.M: Emakume lesbianen mugimenduan militante gisa ibiliak gara, eta askotan aipatu dugu zer nolako oztopoak izaten ditugun baliabide publiko batzuk baliatzeko. Ikusi genuen beharrezkoa zela gaia sakon aztertzea, emakume lesbianek baliabide sozialak nola baliatzen zituzten jakiteko eta zaurgarritasun edo diskriminazio motaren bat zegoen ikusteko.

Zenbat emakume elkarrizketatu dituzue? Zer nolako profila bilatu duzue?

J.O: Ahalik eta espektrorik zabalena erakusteko profilak bilatu genituen. Hartu-emanak egin ostean eta irizpide jakin batzuen arabera bahetu ondoren, 25 bat emakume elkarrizketatu genituen; Bizkaian bizi dira, gehienak. Horien artean, migratzaileak, desgaitasun fisiko eta psikikoren bat duten emakumeak eta lesbiana transexualak daude.

Eta zer ondorio atera duzue? Emakume lesbianek gainerako herritarrek bezainbeste erabiltzen dituzte baliabide sozial, komunitario eta ekonomikoak, ala badago alderik?

A.V.: Gure ustez, emakume lesbianek gainerako herritarrek bezainbeste erabiltzen dituzte baliabide sozialak. Kontua da haien lesbianismoa ez dela agerian geratzen baliabide horiek baliatzerakoan.

J.O: Baliabide sozialen bidez, hobetu egiten da gure bizi-kalitatea, eta, ondorioz, lesbianek gainerako herritarrek bezainbeste baliatzen dituzte baliabide horiek, baina haien izaera sexuala oztopo bihurtzen da egoera jakin batzuetan: osasun-arloko baliabideak erabiltzerakoan, esate baterako. Ia lesbiana batek ere ez ditu baliabide publikoak erabiltzen laguntza bidezko ugalketarako; izan ere, osasun-zerbitzu pribatura jotzen dute, osasun-zerbitzu publikoan jasotzen duten tratua laidogarria dela uste dutelako edo ez direlako eroso sentitzen; gainera, burokraziak, denborak edo semen gabeziak ere asko atzeratzen dute prozesua, ia ezinezko egiteraino.

I.M: Ginekologia-kontsulta batzuetan gertatzen dena ere aipatzekoa da. Gazte asko kexu dira jasotako tratuagatik. Gazteek dute eragozpen gutxien lesbianak direla aitortzeko, eta diotenaren arabera, kontsulta batzuetan beren izaera sexuala adierazten dutenean, ez zaie zitologiarik egiten, eta proba hori funtsezkoa izaten da azterketa ginekologiko batean. Hori beste kezka-iturri batekin lotu behar da: lesbianen kolektiboa ez da sartzen sexu bidezko gaixotasunen transmisioa prebenitzeko kanpainetan.

E.O.: Oro har, askoz ere kontu handiagoz tratatzea gura genuke. Lesbianek seguru sentitzeko beharra dute gizarte- eta osasun-baliabide guztiak erabiltzerakoan. Asko, oraindik ere, beldurrez joaten dira, eta horrek estresa eta ondoeza sorrarazten ditu.

Lesbianek ikusgarritasun nahikoa ez izatearen gaia behin eta berriz azaltzen da txostenean. Aurrera egin den arren, oraindik ere horixe da oztopo handiena da normalizazioa lortzeko.

E.O.: Ikusezintasuna orokorra da. Lan-eremu pribatuan, esate baterako, emakume askok uko egiten diote ezkontzagatik dagozkien opor-egunak hartzeari, lesbianak direla ez erakusteko. Beldur dira, mesfidantza dute…eta krisi-garai hauetan, are gehiago.

J.O.: Hezkuntzaren eremuan ere hala gertatzen da. Irakasleak lesbianak direla erakusteko beldur dira, ikasleen artean zaurgarriago sentitzen direlako. Batzuetan, esaten dute ez dagoela hori aitortzeko beharrik, baina nerabeentzat laguntza handia izango litzateke irakasleek beren izaera sexuala ezkutatzen ez dutela ikustea.

A.V.: Ikusezintasuna arazo bat da; izan ere, oso eremu pribatu batera eramaten da ia beti. Esaldi tipikoa: “Nire bizitza pribatua da, ez daukat zertan esan”. Lesbianen kolektibotik ez dugu lortu ikusaraztea zeinen garrantzitsua den ez ezkutatzea, baldin eta egoera aldatu nahi badugu, eta hori egoera guztietan aplikatu daiteke, baita gizarte-zerbitzuak erabiltzerakoan ere. Oso akats handia da ikusgarritasuna beharrezkoa ez dela pentsatzea.

Zuen kalkuluen arabera, EAEn bizi diren 4.500 migratzaile inguru lesbiana izan daitezke edo beste emakume batzuenganako erakarmena izan dezakete. Elkarrizketatu dituzuen emakumeek nola bizi dute migratzaile eta lesbiana izatea?

I.M: Gure susmoa da kolektibo horiek guk orain hogei edo hogeita hamar urte bizi genuen bezala bizi dutela lesbianismoa. Hots, nahiko ezkutatuta daude. Beste gai batzuk ere atera dira elkarrizketetan: besteak beste, emakume etorkinei, DSBE eskatzerakoan, oso zaila egiten zaie haien bizitza pribatuari buruzko galdeketa.

Desgaitasunak dituzten emakume lesbianekin ere egon zarete hartu-emanetan. Zer ondorio atera duzue emakume horiekin egon ondoren?

A.V.: Elkarrizketa egin diegun emakume guztietatik eurak dira ongizate handiena transmititzen dutenak, ikusezintasun-egoeren aurrean gehien barre egiten dutenak, eta beren izaera ondoen daramatenak. Horrek ez du esan nahi, ordea, kasu horiek kolektiboa ordezkatzeko balio dutenik.

Txostenean jaso dituzuen testigantza batzuen arabera, oraindik ere gizarteak arbuiatu egiten ditu, eta, are gehiago, elkarrizketatuen arteko batzuek erasoa jasotzeko arriskua sentitzen dute etengabe.


I.M: Bai, eta batez ere emakume gazteek pairatzen dute hori; baliteke gauez gehiago ibiltzen direlako izatea, edo beren izaera gehiago erakusten dutelako, eta jende batzuek emakume horiei edozer gauza esateko eskubidea dutela uste dutelako. Emakume gazteek jasaten dute eraso gehien. Harritzekoa da kalean eskutik helduta joaten ausartzen diren emakumeek zenbat hitzezko eraso jasaten dituzten etengabe, bai gazte jendearen aldetik, bai helduen aldetik.

Segurtasun-falta dela eta, EAEko Debekatutako Hiriaren mapen esperientzia aipatzen duzue, eta, salatzen duzuenez, emakume lesbianek uste dute mapa horietan ez direla jasotzen haien esperientziak eta pertzepzioak. Kolektibo horrek sentitzen duen arriskua desberdina da beste emakumeek sentitzen dutenaren aldean?

J.O.: Bai. Beren buruak seguru sentitzen dituzten lekuak ez dira berberak. Bilbon, adibidez, oso ondo ikusten da aldea. Zazpi kaleetan eta Bilbo zaharrean, emakume lesbianak nahiko seguru sentitzen dira; baliteke horietan askotariko jendea biltzen delako izatea. Aldiz, erdialdean, arrisku handia nabaritzen dute. Lesbiana transexualak, esaterako, trantsizio-aldian badaude, ez dira toki jakin bateko tabernetara joaten: Indautxura, kasurako. Uste dugu gehiago ikertu beharko litzatekeela gai hau, interesgarria baita.

Genero-indarkeriaren gaia ere apur bat ahaztuta dagoela adierazten duzue.

E.O.: Hemen dago arazoa: emakume lesbianek uste dute beraien artean gertatzen den indarkeria “intentsitate apalagoko” indarkeria dela, eta, ondorioz, askotan ez dute legezko bideetara jotzen arazoak konpontzeko. Lagunak baliatzen dituzte bitartekotza egiteko, bi aldeak adiskidetzen saiatzeko, eta indarkeriaren maila handietara iritsi arte, ez dute zerbitzu horietara jotzen. Eta, batzuetan, salatzea erabakitzen dutenean, bikote heterosexual baterako pentsaezinak liratekeen egoerak gertatzen dira: eraso zaituen bikotekidearen aurrean deklaratu behar izatea, esate baterako. Bestalde, genero-indarkeria kasuetan baliatu daitezkeen zerbitzuak eta laguntzak ezagutzera ematerakoan, inoiz ere ez da kontuan hartzen lesbianek ere erabil ditzaketela zerbitzu horiek.

Dena dela, zuen txostenaren arabera, orokorra da gizarte-zerbitzuei buruzko informazio-kanpainetan emakume lesbianak ez sartzea.


A.V.: Nagusi den eredu bat dago, heterosexuala, eta horixe islatzen du gizarte-zerbitzuei buruzko informazioa ematen duen publizitateak. Horren ondorioz, emakume lesbianek uste dezakete ez daudela sartuta. Administrazio publikoak kolektibo hori berariaz sartzea eskatu behar luke publizitate-kanpaina bat enkargatzen duenean. Adibide aparta daukagu Coca Colaren iragarkian.

Baliabide juridikoak erabiltzerakoan, irregulartasun batzuk egoten direla salatzen duzue, eta, batzuetan, jendea artatzen duen langileek ez dituztela ezagutzen legeak. Erregistro zibilak, adibidez, oso leku arazotsuak dira.

E.O.: Horrela da, nahiz eta gero eta kasu gutxiago gertatzen diren. Jendearekin lanean dabiltzan funtzionario askok ez du transexualei dagokien legearen berri. Hona hemen kasu bat: emakume bat izena aldatzera joan zen, legeak eskatzen dituen paperak zituela; hau da, ziurtagiri medikoa zeukan, zeinaren bidez egiaztatzen baitzen bi urtetan hormona-tratamendu bat hartu zuela sexua aldatzeko, eta, hala eta guztiz ere, auzitegiko mediku batekin egotera behartu zuten, eta mediku horrek oso galdera zentzugabeak egin zizkion, ia-ia genero-indarkeriara hurbiltzerainokoak. Bestalde, jaioberri bat inskribatzeko, emakume lesbianek ezkonduta egon behar dute nahitaez, eta laguntza bidezko ugalketaren prozesu bat jarraitu behar izan dute; baldintza horiek ez zaizkie eskatzen bikote heterosexualei. Horretaz gainera, epaitegi bakoitzak beste gauza batzuk eskatzen dizkizu, irizpideak bateratu gabe daudelako.

Generoa berrizendatzeko osasun-baliabide publiko batera jotzen duten transexualen kasuan, kexa batzuk jaso dituzue azterketa psikiatrikoa egiteko moduari dagokionez.


J.O.: Bai, muturreraino epaitzen dituztela sentitzen dute. Gurutzetako Genero Unitateak, Benetako Bizitzaren Proba egiterakoan, oso estu eta oso modu itxian hartzen ditu genero-rolak. Lesbianek kasuan kasuko psikiatra konbentzitu behar dute, eta psikiatrek, batzuetan, makilatzeko eta gona janzteko iradokitzen diete; hau da, ez dituzte aplikatzen berdintasun-politiketan izandako aurrerabideak: emakumeei eta gizonei genero-rol berezituak ez izendatzearen aldekoak, hain zuzen ere. Batzuetan, benetako genero-jendarme bihurtzen dira mediku batzuk.

Txostenean, behin baino gehiagotan aipatzen da Interneten zeregina. Tresna horren erabilerak nola eragin dio lesbianen kolektiboari?

I.M: Asko erraztu ditu gauzak: alde batetik, zer baliabide espezifiko ditugun jakitera emateko, eta, bestetik, gure arteko harremanak errazteko. Sare sozialek zeresan ikaragarria izan dute lesbianek elkar ezagutzeko, harremanak saratzeko, eta mass medietan emakume askoren izaera sexualari buruz agertzen ez diren alderdien berri izateko.

A.V.: Egia da. Emakume lesbianek izugarri erabiltzen dute Internet; horregatik, esan daiteke Interneten etorrera oso positiboa izan dela bakardadea hausteko, horren ezkutatuta egon den kolektibo batean. Sareak oso espazio birtual baliotsua eman du elkar ezagutzeko eta harremanak izateko.

Egoera aztertu ostean, zein izango litzateke zuen gomendio nagusia?

A.V.: Garrantzitsua da gizarte-zerbitzuak emateko eta kudeatzeko ardura dutenek emakume lesbianen perspektiba kontuan hartzea. Horretarako, behar den beste informazio eman behar da, bai administrazioaren eremuan, bai lanaren eremuan. Emakume lesbianak ikusarazi egin behar dira, baita gizarte-zerbitzuei buruzko informazio-kanpainetan ere.

No hay comentarios:

Publicar un comentario

Nota: solo los miembros de este blog pueden publicar comentarios.